XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tomek zalantza egin zuen.

- Bihar Mallorcara abiatzekotan nintzen.

- Baina gure galdera halako edo holako nor den izan daiteke, susmagarriren bat alegia azaldu zion ofizialak.

- Agian zu gai izango zinateke pertsona horrek hildakoarekin zer harreman zuen esateko -gehitu zuen keinu batez.

- Ondo da. Baina ez dut uste Signor Miles hainbesteraino ezagutzen nuenik.

- Hirian hurbilagoko lagunak izango zituen seguraski.

- Nor eta nor? -ofizialak atea itxi eta bloka atera zuen berriro.

- Ez dakit -esan zuen Tomek.

- Bakarrik dakit lagunak izan behar zituela hemen, nik baino hobeto ezagutzen zuen jendea.

- Sentitzen dut, baina beste egun pare batean irispidean egotea eskatu behar dizugu -errepikatu zuen patxadan, Tomek zer esanik ez balu bezala horren aurrean, nahiz amerikarra izan.

- Berehala jakinaraziko dizugu joateko libre zarenean.

- Sentitzen dut bidaiarena antolatuta baldin bazeneukan.

- Agian oraindik garaiz zara ezeztatzeko.

- Egun ona izan, Signor Greenleaf.

-Egun ona izan.

Tom hantxe tente geratu zen poliziek atea itxi ondoren.

Hotel batera alda ziteekeen, pentsatu zuen, polizia jakinaren gainean jarriz gero.

Ez zuen nahi Freddieren lagunak edota Dickieren lagunen bat bisitan etortzea bere helbidea egunkarietan ikusita.

Poliziaren ikuspegitik epaitzen saiatu zen bere jokaera.

Ez zuten berak esandakorik zalantzan jarri.

Ez zuen izututa bezala jokatu Freddieren heriotzaren berri izatean, baina hori bat zetorren Freddieren oso lagun mina ez izatearekin.

Ez, ez zegoen gaizki, bakarrik eskueran egon behar zuela.

Telefonoa joka hasi zen, eta Tomek ez zion jaramonik egin, Fausto zelako irudipena izan baitzuen, tren geltokitik deika.

Hamaikak eta bost ziren, eta Napolirako trena abiatua izango zen.

Telefonoa isildu zenean, Tomek hartu eta Inghilterrara deitu zuen.

Gela bat erreserbatu, eta ordu erdi barru edo han izango zela esan zien.